Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da; pilota goxoko gazteak eta nagusiak eta gero eta indar handiagoa duen pilota mistoko gazteak, promesak eta eliteak. Gogoan izan behar da, txapelketa honi esker, emakumeen esku pilotak geratzen zaion muga apurretako bat hautsi duela uda honetan eta iazko eliteko bi bikoterik onenek Ameriketako Estatu Batuetan jokatzeko aukera izan dutela. Emakumeen esku pilota zirkuituan leku bat egiten ari den txapelketa berritzaile hau Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta EAEko hiru hiriburuen babesarekin dator.

Aurten denera 64 izan dira izena eman duten emakumeak eta txapelketari hasiera igande honetan emango diote Gasteizen, Mendizorrotzako Beti Jai instalazioek eskaintzen dituzten bost pilotalekuak erabilita, benetako pilota maratoi batekin.

Aurre-kanporaketa honetatik Donostian urriaren 8an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko diren bikoteak irtengo dira eta finalak aurten Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dira, urriaren 15eko eguerdian, ETB-1ek zuzenean emango duen jaialdian. Eliteetako iazko txapeldunak Arrizabalaga-Capellan izan ziren, baina aurten bakoitza bere aldetik saiatu beharko da txapela errepikatzen. Arraiza-Oses, Arrizabalaga-Erasun, Garai-Arrillaga, Etxegarai-Capellan, Beitia-Gaminde, Aldai-Bergara eta Zabaleta-Mendizabal izango dira elite mailan arituko diren bikoteak.

Emakume Master Cup © 2024