Jaialdiak, mimoz prestatutakoak, gainera, denetarik izan du, lehia, adiskidetasuna, giroa, 450 ikusle, zuzeneko telebista... bertaratutako guztiak aho gustu oso onarekin utziz. Gainera, halako ekitaldien helburuetako bat, emakumeen kirola bultzatzeaz gain, erreferenteak sortzearena bada, helburua bikain bete duela esan genezake, oso polita izan baita elite mailako pilotariak gazteenen artean banatu dituzten sinadura piloa.

Erakundeetatik ere irmoa da nesken esku pilota bultzatzeko asmoa eta gertutik jarraitu dute gaurko ekitaldia, besteak beste, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak, Itsaso Erroteta, Bilboko Kirol Zinegotziak eta Raimundo Ruiz de Escudero eta Eukeni Martinez, Gasteizko Udaleko ordezkariek.

Pilota mistoko eliteen mailari dagokionean, Arrizabalaga-Capellan/ Arraiza-Gaminde eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal / Madalen Etxegarai-Uxue Oses izango dira hurrengo astean Bilboko Deportivon finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak.

Arrizabalaga-Capellan bikoteak euren partida jokatu gabe egin dute aurrera, Arrate Bergarak azken azken orduan uko egin behar izan baitio jokatzeari eskuko lesio baten erruz. Leire Garai eta Itsaso Erasunek ere ezin izan dute txapelketa honetan parte hartu, kasu honetan, berri pozgarriagoengatik, hil amaieran jokatuko den Biarritzeko Munduko Txapelketarako hautatuak izan baitira.

Jokatutako lehen partidan, Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek 22-11 irabazi diete Arraiza eta Enara Gaminderi. Jokoak bi parte oso desberdin izan ditu, lehenean Arraiza eta Gaminde markagailuan aurretik ere izan dira, Laukizko atzelariak asko aginduta, Amaia Aldai jokoz kanpo izatea lortu dutelako. Hori bai, dimoztarrak jokoan sartzea lortu duenean goitik behera aldatu du partidaren gidoia. Pilotari beste abiadura bat gehiago sartu dio, saketik ere min izugarria egin die, denera 7 tanto egin ditu lehen pilotakadarekin, eta aurkariak erantzunik gabe utzi ditu. Bigarren partidan are nagusiago izan dira Madalen Etxegarai eta Uxue Oses bikote oñatiarra eta 22-5 irabazi diete Olatz Beitia eta Irati Zabalari. Laurak ere oso gazteak izanagatik, txantxikuarrek askoz esperientzia handiagoa dute halako hitzorduetan eta Beitia-Zabalak igarri egin dute Ogeta bezalako pilotaleku batean eta halako giroarekin jokatzeak sortzen duen presioa. Egindako 14 tantoekin, Etxegaraik erakustaldia eman du erasoan. Eta emaitza hauekin galtzaileen artean tantorik gehien egin duen bikoteak, Arraiza-Gamindek osatutakoak, finalerdietarako txartela lortu du nahiz eta bere partidan 22ra heltzerik ez duten izan.

Emakume Master Cup © 2024